Bizkaiko Foru Aldundiak materia organikoa tratatzeko sistema aldatu ondoren, gaurtik aurrera edukiontzi marroira bota daitezke okela, hestebete, arrain eta itsaskien hondakin kozinatuak edo gordinak, hezurrak, gazta eta arrautza-hondarrak, beste batzuen artean.

Nobedadeen berri emateaz gain, Bilboko Udalak hondakin organikoen birziklatzearekin bat egiteko deia egin die

Urtarrilaren 31n, 30.253 pertsona daude hondakin organikoen birziklatzearekin bat eginda.

(Bilbon, 2021eko martxoaren 1ean). – Bilbo hondakin organikoen bilketako aldaketetara egokitu da, Bizkaiko Foru Aldundiak materia organikoa tratatzeko sistema aldatu ondoren. Horiek horrela, gaur, martxoak 1, hasita, herritarrek, besteak beste, okela eta arrain gordinen hondarrak bota ahal izango dituzte edukiontzi marroian.

Nobedade horien berri emateko, informazio-kanpaina bat egingo du Bilboko Udalak. Kanpaina horren helburua da materia organikoaren bilketara atxikita dauden pertsonengana iristea (posta elektronikoz edo testu-mezuaren bidez), baina baita materia organikoa birziklatzearekin bat egiten ari direnengana ere (informazio zehatza sartuko da organikoaren birziklatze-kitetan bertan), eta bihar-etzi batuko direnengana.

Era berean, edukiontzi marroiaren inguruko berrikuntzak nerabeen sentsibilizazio- kanpainan ere sartu dira. Kanpaina hori urtero egiten du Udalak, Ecovidrio eta Ecoembesekin batera. Aurtengo edizioa, bosgarrena, otsailaren 1ean hasi zen eta martxoaren 31ra arte egingo dira prestakuntza-saioak. 16 eta 18 urte bitarteko 1.800 ikasle baino gehiagorengana iritsiko dira saio horiek.

Zehatz esateko, gaurtik aurrera, hauek bota ahal izango dira edukiontzi marroira:

  • Animalia-hondakin kozinatuak edo gordinak (okela-, hestebete-, arrain- eta itsaski- hondakinak, arrautza-hondakinak eta beren azalak, hezurrak eta gazta).
  • Landare-hondakin kozinatuak edo gordinak (fruta-hondakinak, barazkiak, lekaleak, ortuariak, pasta eta arrozak, haziak).
  • Lore- eta landare-hondakinak, baratze-hondakinak, belarra eta inausketa-hondakinak.
  • Kafe-hondarrak eta -iragazkiak, infusio-poltsak, ogi-hondakinak, galletak eta opilak, fruitu lehorrak eta beren azalak, fruta-hezurrak eta kortxo naturaleko tapoiak.
  • Sukaldeko papera, paperezko ezpainzapiak eta mahai-zapiak, kartoizko arrautzontziak eta uhin-kartoi zikina (guztiak materia organikoarekin bustiak).
  • Broxeta eta bestelako elikagaietarako makilak, izozkien makilak eta antzekoak.
  • Txikoria, algak, alpistea, karameluak eta gozokiak, zerealak, irina, marmelada.
  • Poltsa, ontzi eta tresna konpostagarriak.

Ezin dira bota edukiontzi marroira:

  • Erraztatutako hautsa.
  • Zigarrokinak eta hautsontzietako hondakinak.
  • Errautsak.
  • Animalien gorozkiak.
  • Katuen hondarrak.
  • Lorontzietako lurra eta turba.
  • Olioa edo beste edozein likido, jatorria gorabehera.
  • Pixoihalak, konpresak eta tanpoiak.

GAI ORGANIKOA GURE ZABOR POLTSAN

Gure zabor poltsa aztertuta, zaborren % 40 inguru gai organikoa da. Gai organikoa birziklatu egin daiteke konposta egiteko Tratamendu Mekaniko Biologikoko (TMB) instalazioan.

Une honetan, Bilbon 1.379 edukiontzi marroi daude; eta, aipatu behar da iaz 3.119.706 kilo materia organiko bildu zela urian.

Datu osoak dituen azken hilabetea, urtarrila, aztertuz gero, 299.820 kilo hondakin organiko bildu ziren hirian, hau da, 2020an baino % 2,28 gehiago – 293.140 kilo bildu ziren –.

Portzentaje handiagoan handitu da materia organikoa birziklatzen duten familien kopurua. Urtarrilaren 31n, 30.253 familia zeuden materia organikoaren birziklapenari atxikita; 2020ko urtarrilaren 28an, ordea, 28.199 familia; hau da, % 7,28ko hazkundea egon da.

Informazio gehiago: Telefonoa: 900 45 68 88